XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kafetegitik ateratzean, beste zereginik ezean, paseatzen jarraitu dut barrenean oraindik ere egonezina dabilkidalarik.

Ez zait iruditzen agurra behar bezalakoa izan denik.

Askotan lantokian gertatzen zaiguna: zerbait esateko duen norbaitekin elkarrizketa egiten ari, eta kolpetik konturatzen zara ordueroko berriak iristear daudela eta fundamentuzko agurrik egin gabe, bada hori, akabo elkarrizketa eta akabo protokoloa.

Bada oraingo honetan ere, beldurrez nago ez ote naizen agurtzeko momentuan serioegi, lehorregi egon hain atsegin tratatu nauenarekin.

Atertu du zertxobait.

Hiribide nagusian barna abiatuta, hiri turistikoek neguan agertzen dutela beren benetako irudia pentsatu dut.

Eta orain beste kafetegi aseptiko honetatik, eguneko hirugarren kafea hartzera sartua, mahaitxoan esertzearekin batera, gutuna bukatzera noala iragartzen dizuet, eta bukatutakoan, paperontzira bota ere egingo dudala, zeren eta hau ez esateko idatzi nahi nizuen azken finean katarro bat baino dexente serioagoa izaten den gaixotasun bat sumatu baitidate joan den astean ginekologoarenean,

eta momentuz hiri turistiko honetara asteburua pasatzera etortzea baino ideia hoberik ez zait bururatu.

Ez da ideia aparta noski, baina historia, ahal dudan arte behintzat, bakarka eramatea erabaki dudanez gero, errazagoa izango zait gutun hau bezalako tranpa ttikiak erabiliz etabar, isiltasuna gordetzea eta inguruan mina, morboa eta bestelako sentimenduak bide batez ez piztea.